Zer da Magnet-erakarri?

MAGNET-ERAKARRI ikastetxea gara

MAGNET-ERAKARRI hezkuntza-proiektu pilotua da, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza Sailak bultzatua, eta gure ikastola eta Artium Museoaren arteko aliantza ezartzen duena. Programak ikastetxearen eta ospea duen instituzio baten arteko lankidetza ahalbidetzen du. 2019-2020 ikasturtean abiatu gara bikaintasun eta hobekuntza prozesu honetan Arte Garaikideko Artium Museoarekin aliantza eginez.

Bikaintasun-erakunde honekin bideraturiko elkarlan honek proiektu, erakargarri, berritzaile eta kalitatezkoa garatzeko aukera ematen dio ikastolari. Ikastola eta Artium Museoa elkarrekin ariko gara lanean artearen bidez eskola-curriculuma ezartzeko, artea irakaskuntzarako tresna metodologikotzat hartuta.

Programa honen elementu nagusiak dira:

  • Berrikuntza: honen bidez, aukera dugu proiektu berritzaile, indartsu eta kalitaztezkoa lantzeko behar diren aldaketa metodologikoak eginez.
  • Lankidetza: Ikastola eta Artium museoaren artean. Akordioak hitzartzen ditugu eta beharrezkoak diren ekintzak programatu eta aurrera eramaten ditugu.
  • Ardura partekatua: Proiektuan inplikatuta dauden agenteen artean (auzoa, Artium museoa, familiak, irakasle eta ikasleak).
  • Komunikazioa: komunikazio-estrategiak landuko dira ikastolan egiten den guztia jakinarazteko auzoan eta hirian.

Programa honen bitartez ikasle guztien arrakasta lortu nahi dugu. Hau lortzeko proiektu sendo bat antolatu dugu, esparru metodologiko berritzaile eta eraginkorra garatuz, arteetan oinarritutako proiektukako lana eta transbertsalitatea landuko dituena.