Ulibarri proiektua: Hizkuntza Normalkuntza Proiektua

Euskal Herrian oro har, eta are gehiago gure kasuan, ingurune soziolinguistikoak ez du laguntzen euskararen normalizazioa lortzen. Horretarako, ordea, eskola tresna garrantzitsua da. Honela, ikastolan euskara ardatz izatea da gure nahia, euskara komunikazio eta kultura hizkuntza nagusia izatea. Era honetan gure ikasleen kultur erreferenteetan euskarazko input kulturalak txertatzen lan sakona egin behar da. Zentzu honetan bideratzen ditugu proiektuko helburu eta jarduerak.

Proiektu honen helburuak dira:

  • Euskararen eta kulturaren ezagutza etengabe hobetzea eta, ziklo bakoitzari dagokion mailan, ezagutza bermatzea.
  • Euskararen erabilera indartzea ezagutza hori bermatzeko.
  • Motibazioa lantzea aurreko bi helburuak lortzea errazte aldera.

Ulibarri proiektuko jarduerak esparru jakinetan antolatzen dira eta horien ezaugarrien arabera diseinatzen dira jarduerak:

  • Eremu instituzionala: non zehazten diren euskararen normalkuntza sustatzeko erabakiak eta ikastetxearen harremanetarako hizkuntza irizpideak.
  • Eskolako estamentuak: ikasleak, irakasleak, langileak eta gurasoak. Estamentu bakoitzari helburu eta jarduera berezituak egokituko zaizkio, ikasleei emanez zentralitatea.
  • Gelaz kanpoko jarduerak: euskararen presentzia ikastetxetik kanpo ezagutzea ahalbidetzen du eta kanpoko eragileekin jarduerak antolatzea ikastetxe barruan nahiz ikastetxetik kanpo.

Gure diagnosietan ohikoa izaten da euskararen ezagupena eta presentzia indartu beharra adieraztea. Hori dela eta HNP-ko planetan euskararen eta euskal kulturaren transmisioa indartzeko estrategiak lantzea proposatzen ditugu:

  • Euskal Herriko ohiko jaiak ospatzea ikastolan; eta gainerako jaietan ere euskal kulturaren ezaugarri propioak txertatzea.
  • Euskal kulturaren adierazpen kulturalak ezagutaraztea: dantza, bertsolaritza, musika,…
  • Euskal idazleen ezagutza indartzea eta honekin batera euskarazko irakurketari lehentasuna ematea.
  • Euskal komunikabideak erreferentetzat hartzea ikaskuntza prozesuetan.
  • Geletan ez ezik familietan ere eragitea: ohituren azalpenak emanez, hiriko euskarazko agendaren berri emanez, guraso eskolak bultzatuz,…